Euskeran Itotiyak

Taldea sortu genuenean, asko kostatu zitzaigun taldeak zein izen izango zuen aukeratzea. Azkenean,gure sorreraren arrazoian pentsatu genuen: euskera pixkanaka galtzen ari zen altxorra zen guretzat, itotika itotika lehortzen ari zen itsasoa. Hortik sortu zen gure izena: "Euskeran itotiyak": Taldeko lema ere hortik dator. "Gazte heldu itotiyai", itoti horiek eroriek erortzen utziz gero, itotika itotika itsasua lehortuko delako.
Gure helburua gazte esparruak euskalduntzea da. Horretatik Oiartzungo gazte esparrutan dauden hutsuneak aztertu eta horiek lantzea da gure nahia.

Historia: 
Euskeran Itotiyak duela 4 urte sortu zen gutxigora behera. Zenbait gazte bildu ginen, egun euskarak duen egoeraz arduraturik eta batez ere, gazteriaren arloan dagoen hutsunea ikusiaz. Izan ere, herrian hainbat talde daude euskara lantzen dutenak, baina ez zehazki gazteen eremuan zentratzen denik. Gainera, gazteok gara Oiartzungo euskararen egoeraz harro gaudenak eta bere egoera larriaz ohartzen ez garenak. Honen haritik hasi genuen gure ibilbidea.
Ekimenak: 
Hasiera batean, gazteak euskara edozein arlo eta eremutan erabili daitekeela ohartu zitezen hainbat euskarazko hitz eta esaldi zabaldu genituen herrian zehar; bai parranda girokoak, haserretzean esateko, ligatzean esateko. Oiartzungo jaietan ere, Xanistebanetan, hainbat ekintza burutzen ditugu. Batetik, Kataxulo gaztetxiarekin batera “pegatinen jokua” egiten dugu. Hemen, euskarazko esaldi, esaera zahar, piropo… ezberdinak hartzen ditugu eta esaldia bitan zatitzen dugu, bi pegatinetan idatziz. Ondoren, gazteei jartzen dizkiegu eta beraiek euren bikotea aurkitu behar dute. Bestalde, euskal karaokea egiten dugu. Hiru urtez jarraian egin dugu, arrakasta handiarekin. Honekin argi geratzen da, nahiz tabernetan abesti erdaldunak jarri, euskarazko kantekin ere parranda egin daitekeela. Honez gain, jaietako egun guztietan zehar piropo lehiaketa egiten dugu. Aurten IV.piropo lehiaketa egingo dugu. Urtetik urtera arrakasta handia izaten ari da. Lehiaketa egin ondoren piropo irabazlearekin kamixetak ateratzen ditugu, baita lehiaketan atera diren piropo guztien liburuxka osatu ere. Hemen ere, argi geratzen da ligatzeko ez dugula zertan erdarara jo behar, gu euskararekin ongi moldatzen garela edozein arlotan, baita ligatzeko ere. Azkenik urte osoko lanaren ondorioz, 2008.urte bukaeran gure azken proiektua kaleratu genuen. Oiartzungo musika taldeek osatutako euskara hutsezko CD-a. Lehen esan bezala, gure nahia gazte esparruak euskalduntzea da. Oiartzungo musika esparruan erdarak zuen presentzia ikusirik, jarri genuen martxan euskara hutsezko CD-aren proiektu hau. Oiartzunen musika talde eta bakarlari asko zegoela sumatu genuen, baina kantatzeko duten hizkuntza ohiturari erreparatuz konturatu ginen erderarako joera ikaragarria zela. Proiektu honekin herriko musikariak beraien lanak euskaraz konposatzera animatu nahi genituen, eta bide batez, baita beraien abesti bat grabatua edukitzeko aukera eskaini ere. Nahiz eta hasierako helburua beraz, erdaraz kantatzeko ohitura duten taldeak euskaraz egitera animatzea zen, esan behar dugu, proiektua martxan zihoan ahala, berez euskaraz egiten duten bakarlari zein taldeak ere parte hartu dutela CD honetan. Horrela, herriko taldeen euskara hutsezko musika cd hau osatzea lortu dugularik. ITOTI BAT GUTXIYO musika Cd hain zuzen. Modu honetara, Oiartzungo musikariak euskaraz egitea lortu dugu, musika esparruko itotiya ez erortzea lortu dugu. Beraz, ITOTI BAT GUTXIYO BILTZEKO! Jende askoren dedikazio, lan eta borondatearekin lortu dugu gure helburua betetzea: herritarrak herritarrentzat egindako EUSKERA HUTSEZKO musika CD-a!! Helburu hau lortu badugu ere, aurrerantzean, orain arte bezala lanean jarraituko dugu, beste helmuga batzuk finkatuz eta haien alde lan eginez (HIKA-ren lanketa, gazte hizkera…), beti ere euskararentzat eta euskaraz. Urratsez urrats lortuko dugu euskara galtzen ari den itoti hoik denak biltzea! Gazte, heldu itotiyai!
Ttur-tturrekiko lotura: 
Herriko euskalgintzako taldeak bere baitan biltzen dituenez, gu ere Ttur-tturreko kideak izatea erabaki genuen.
Irudiak: 
CDaren aurkezpena