‘Oiartzuarren Baitan’ irratsaioaren 2. denboraldia
‘Oiartzuarren Baitan’ irratsaioa bigarren denboraldia bete-betean dago. Lekeitioko Arrakala eta Oiartzun Irratiak elkarlanean emititzen duten saio hau Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleon bilguneak ekoizten du.
Orain dela hiru urtetik hona, ‘Oiartzuarren Baitan’ proiektua abiatu zuen Ttur-tturrek. Oiartzungo ahozko ondarea jaso, digitalizatu eta hedatzeko helburua du proiektu honek. Dagoeneko 40 aitona-amonei egindako elkarrizketa guztiak daude kontsultatzeko moduan oiartzuarrenbaitan.com eta ahotsak.com web atarietan. Baina jakinda jende askok ez duela interneterako sarrerarik, elkarrizketak irrati bidez ezagutaraztea da bilgunearen nahia.
‘Oiartzuarren Baitan’ irratsaioa Lekeitioko Arrakala irratian grabatzen da eta Oiartzun Irratian eta Arrosa sarean emititu. Batez ere oiartzuarrei zuzendua badago ere, gainontzeko euskaldunentzat ere saio egokia da: Oiartzungo hizkeraz gain, beste herrietako euskalkiak ere konparatzen baitira saioan, Ahotsak.com-eko ondareari esker. Irratsaioaren zuzendaria eta gidaria Ane Lardi Enbil da, ‘Oiartzuarren Baitan’ proiektuko koordinatzailea eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko kidea. Lehendik ere irratian urteetan aritutakoa.
Aurreko denboraldian ez bezala, oraingo honetan, euskalkiaren ezaugarriei gehiago erreparatuko diogu. Oiartzuerari dagokionez: bertako aditza, hiztegia, sintaxia, esaerak, e.a. nabarmenduko ditugu. Aurreko denboraldian, gai bat aitzakiatzat hartuta, euskalkiak entzuten genituen: Ikasteko lehendabiziko prozesua, gure ustez, entzutea baita. Eta horretaz gain, garai bateko kontuak ere ikasi genituen. Aurten, jarraituko dugu garai bateko kontuekin, baina oraingo honetan, herri hizkeraren ezaugarriak erakutsi eta erabiltzera animatuko dugu. Herri hizkeraren aberastasunak, hizkuntza kalitatea hobetu eta erabilera erraztuko duen itxaropenarekin.
Gaiei dagokionez, aurtengo denboraldi honetan, baserria eta gerra izango ditugu gai nagusiak. Izan ere, gehiena, gai hauen gainean aritu dira gure aitona-amonak.
Irratsaioa entzuteko: Oiartzun Irratian, asteazkenetan, arratsaldeko 17:00etan. Lekeitioko Arrakala Irratian, astearteetan goizeko 11:00etan. Arrosa sarea bitartez. Edota, oiartzuarrenbaitan.com web orritik.