Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea
HISTORIA APUR BAT
2001-2002 ikasturtean Euskara batzordeak zeuzkan funtzioei eta eduki beharko lituzkeen funtzioei buruz askotan jardun genuen. Eztabaida hauek zenbaiten artean Oiartzunen euskarak zituen behar batzuk azalarazi zituen; hau da, euskararen alde lanean ziharduten taldeen arteko elkarlana, erabilerari begirako ekintzak,...
Garai bertsuan, 2002ko martxoaren 7an, herriko lau euskaltzalek (Ane Lardi, Arantxi Iragorri, Libe Ibañez eta Aitziber Arnaiz) deituta kafe tertulia egin genuen Oiartzun Irratiaren egoitzan. Bileratxoaren helburua zenbait kezkaren inguruan hitz egitea zen, eta horretarako euskararen alde lanean ari ziren herriko talde eta norbanakoei gonbidapena egin zitzaien. Kafe tertulia hau gaur egungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen sorreratzat eman daiteke.
PARTAIDEAK
Lehenik eta behin, argi utzi behar dugu bilgunean parte hartzea librea izateaz gain eskertzekoa dela. Baina partaideak ugaritzeko egindako hainbat saiakeraren ostean, talde eta norbanako hauek osatzen dute, gaur egun, bilgunea: Euskal Herrian Euskaraz; Oiartzun Irratia, Intxixu AEK euskaltegia, Euskeran Itotiyak eta hainbat euskaltzale. Hala ere, gure ibilbide txikian partaide gehiago izan ditugu, eta izango ditugu, noski.
LAN EREMUA
Lehentasuna bilgunea osatzen duten taldeen arteko elkarlana da. Bilgunea sortu arte, euskalgintzan aritzen ziren elkarte eta erakundeak bakoitza bere aldetik aritzen zen eta asko jota ondokoari mesedeak eskatzea izaten zen harremana. Egun, elkarlanean aritzeko dinamika sortu da eta honek bilguneari bestelako funtzioak eman dizkio. Beraz, TTUR-TTUR zera da:
- Elkarlanerako gunea
- Hausnarketa eta eztabaidarako gunea.
- Egitasmo berriak sortzeko gunea.
- Euskararen normalkuntzan herrian zein nazio mailan sortu daitezkeen egitasmoei aurre egiteko gunea.
Antolatzen diren ekintzak:
- Txerri eguna (Santo Tomas inguruan)
- Liburu eta disko azoka (Gabonen bueltan)
- Udazken jaia: TTUR-TTUR E.B.ren urteurrena
- Bai Euskarari Ziurtagiria
- Euskara denon konpromisoa
- Hizkuntza eskubideen defentsa (Behatokia gizarteratzea)
- Ahozko ondarea jasotzeko egitasmoa (web atari honetan zure esku jarri duguna).
- Motibazio saioak DBH3 eta 4ko ikasleentzat
- Gurasoentzako jolas eta kantu tailerra.
- KUADRILLATEGI egitasmoaren kudeaketa.
- Herriko elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoaren diseinu eta kudeaketa.
- Merkataritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoaren diseinu berria osatu eta kudeatzea.
- Euskara batzordean kide batek parte hartzen du ordezkari gisa.
Ardura eta egitasmo mardulak dauzka esku artean, beraz, Ttur-tturrek. Garai bateko kafe tertulia hark hazi osasuntsua erein zuen seinale. Ea luzaroan ematen duen uzta!


