Transkribapenetarako irizpideak
Oiartzuaren Baitan ahozko ondarea transkribatzeko erabili ditugun irizpideak
Nola transkribatu ahozko euskara?
Asier Sarasua
Herri bateko hizkera jaso eta aztertzeko orduan, arazo handienetako bat transkripzioak egitea da. Orain dela urte batzuk arte transkripzio ertsi-ertsiak egiten ziren, laburdura eta kontrakzio guztiekin. Ttranskripzioak ziren hizkerak jasotzeko eta ikertzeko aukera bakarra. Gaur egun, herrietako hizkerak Minidisc, DVD eta DCRom-etan gordetzen dira. Transkripzioak, beraz, hizkera aztertzeko erabili beharrean, dibulgaziorako erabiltzen dira gehienbat.
Herri bakoitzak bere hizkera du, eta hizkera bakoitzak bere ezaugarriak. Eibarren aspaldi zehaztu genituen zenbait irizpide. Orain Zarautzen ere badihardugu lanean, eta Zarautzerako beste batzuk moldatu behar. Oinarri berekoak (Euskal Herri osoan hainbat lanetan finkatutakoak), baina Zarauzko hizkeraren ezaugarrietara moldatuta.
Kontuan izan ez direla transkribapen filologiko edo fonetikoak; tesi linguistiko baterako ez lukete balioko, jakina. Baina helburua dibulgazioa denean (bai aldizkari batean pasarte batzuk argitaratzea, bai Interneten zerbait kaleratzea, bai CD batean bildutako grabazioen lagungarri izatea) ulergarritasuna ere kontuan izan behar dela uste dut. Alderdi filologiko hutsa baino, irakurlea da garrantzitsuena niretzat. Irakurleak testua irakurri ahal izatea, ulertzea, gozatzea, eta identifikatuta sentitzea.
Nola transkribatu oiartzuera?
Irizpide nagusia:
Transkribapenaren helburu nagusia honakoa da: ahozkoa ulertzen laguntzea baina era berean, euskalkiaren ezaugarriak nabarmentzea. Esan bazela, hori dela eta, transkribapena ez da fonetikoa izango, baizik eta dibulgatiboa. Eta horrela izan dadin, honako irizpideak jarraituko dira:
Orokorrean: hiztunak esan bezala idatzi da, baina beti euskarazko idatziko forma errespetatzen saiatuz. Adibidez, 'orkustentzun txaolagueanaiyorrekintzunlengun' esaten badu, holaxe transkribatu da: 'hor kusten 'zun txaola gue anaiy horrek in zun lengun'. H-ak ez dira entzuten, baina idatzian jarri egin dira, eta gure ustez, horrek erraztu egiten du irakurketa. Hori bai, bi bokal berdinen arteko h-ak ez ditugu jarri, ahoskatzerakoan bokal bakarra esaten da eta; lengun eta ez lehengun. Ahozkoan bi hitz elkartzearen ondorioz hizki berri bat sortzen den edo aldaketa bat gertatzen den kasuetan, irakurlearen ulermena ez galarazteko, banatuta idatzi dugu, eta gertatu den aldaketa EZ dugu adierazi. Adibidez, ahozkoan, hitz elkarketan t gehitzen da kasu askotan, baina idazterakoan hitzak bananduak jarri behar direnez, ez da idatzi t hori; kustentzun badio guk kusten 'zun jarri dugu. Hori bai, esaten ez duena ere ez da jarri: kusten idatzi da eta ez ikusten, 'zun jarri da eta ez duzun, txaola eta ez txabola, anaiy eta ez anaia.
1 Apostrofearen erabilera: Bi hitz elkartzen direnean, eta elkarketa horren ondorioz hizkiak desagertzen direnean jarriko da.
1.1 ERE (lokailua), EDO, ETA (juntagailuak), OMEN, OTE (modu-partikulak): Kasu hauetan hiztunak dioena idatziko da. Bokala galtzen den kasuetan aurreko hitzari loturik adieraziko da, baina apostrofe batekin adieraziko da. Adib: hori ‘re/ nik ‘o zuk/ nik ‘ta zuk/ ez ‘men zen/ torri ‘te zen?
1.2 Ahozkoan bi hitz elkartzen direnean eta hizkiak desagertzen badira, hemen ere, hiztunak esan bezala idatziko dugu. Kasu honetan ere apostrofea jarriko da. Adib: aditz nagusia eta aditz laguntzailearen kasua: Kartze ‘izkiyonin / uste ‘ut. Beste kasuak: Ate ‘at / Ber ‘zaten…
2 Hitz elkarketa ematen EZ den kasuetan ere hizkiak desagertzen badira, hiztunak esan duen bezala idatziko da, baina kasu hauetan EZ da apostroferik jarriko. Adib: karri/ torri/ san/ man / kusi…
3 Ahozkoan bi hitz elkartzearen ondorioz hizki berri bat sortzen den edo aldaketa bat ematen den kasuetan, irakurlearen ulermena ez galarazteko, banatuta idatziko da eta eman den aldaketa EZ da adieraziko. Gaiñerako aldaketak ordea, hiztunak esan bezala idatziko dira. Adib: nontzon esatean, non zon idatziko dugu,(eta ez non zegoen). Ezpaitu esatean, guk ez baitu idatziko dugu. Eztakit pa dionean, ez dakit ba jarri. Ezpaldin bada esatean, ez baldin bada idatzi… Ondorengo loturetan gertatzen da: -n +z-, -r +z-, -l +z-, -z +d, -z +b-, -t +p-…
Salbuespen bat egingo dugu behinik behin hitzarekin:
Bananduta idatziko dugu: behiñik piñ, behin pin, e.a. Hori bai, bigarren zatiko pin hori P-z idatziko dugu eta ez B-z. Bin hitz solte horrek berez ez duelako inongo esanahirik batuan.
H-ari dagokionez, berez jarri egingo zaio: behiñik, behin esaten badu... Baina Beñik pin esango balu (ahoskeran i hori desagertuko balitz alegia), orduan bai, h gabe idatziko genuke.
4 Hitz elkarketa ematen EZ den kasuetan sortzen diren aldaketak adierazi egingo dira. Adib: nolazbaite / nolazpatte…
5 F/P: Badira hitzak F esan beharrean P bihurtzen direnak. Normalean erdaratik datoz eta euskaldun zahar gehienek aldatu egiten dute: festa/pesta, fanfarron/ pamparroiya… Beraz, hiztunak esan bezala idatziko dira.
6 BAIZEN/BAITZEN: Bi modura esaten dute hiztunek. Kasu honetan ere beraiek dioten bezala idatziko da. Baizen esaten badu baizen, eta baitzen esaten badu baitzen.
7 EZERE / EZERRE / EZER EZ : Hiru modu hauek topa daitezke. EZER EZ esaten den kasuetan horrelaxe idatziko da, bananduta eta apostroferik gabe, EZER EZ. EZERRE esaten denetan, apostrofearekin idatziko da: EZER ‘E. Azkenik EZERE, R bakarraz esaten den kasuetan lotuta eta apostrofe gabe adieraziko da, EZERE. irakurleak jakin dezan R bakarraz ahoskatzen dela.
8 Bustidurak:Bustidurak adierazi egingo dira, hiztunak hala erabiltzen baditu. Eta bustidura sortzen duen bokala idatzi egingo da. –iñ / -ill / -itt. Badirudi Oiartzunen T bustiaren aurretik gutxitan esaten dela I hori: atta, attona… baina kasu batzuetan erabiltzen da. Bada adibide bat bi hitz berdiñetan I horrek bereizten duela esanahia: battu (baditu) eta baittu (bait ditu). Beraz, I hori entzuten den kasuetan jarri egingo da eta entzuten ez denean ez da jarriko.
9 Aditzak: hiztunak erabiltzen dituen formak erabiliko dira inolako aldaketarik gabe: "haiek itten zuen" (eta ez zuten).
10 N=M : Hitz baten barruan B edo P hizkien aurretik N dagoen kasuetan, ahozkoan M bihurtzen da. Kasu hauetan M idatziko da. Adib: Hainbeste= Haimbeste, kalanbria = kalambria, ganbara = gambara. Baina bi hitzen artean gertatzen bada, irakurleari ulermena ez eragozteko N jarriko da. (kasu batzuetan, hiztunak hala dionean Ñ jarriko da). Adib: in ber / iñ ber, (eta ez imber.)
11 H: Bi bokal berdinen arteko H-a ahoskeran desagertzen bada, transkripzioan ere desagertu egingo da, esaterako: lehertu = lertu, lehendabizi = lembizi, ihia = iya…. Baina bokal ezberdinen arteko h-a mantendu egingo dugu: ahizpa, ohittu, e.a. Kasu batean izan ezik: AHAL hitza AL esaten bada ere, A bakarraz, batuan bezala AHAL idatziko da galderetako AL-ekin ezberdintzeko eta irakurlea ez nahasteko. Jakina, H desagertu esaten denean, hitz barruko H-z ari gara, ez hasierako H-az; hau jakina da ez dela ahoskatzen. (Iparraldean izan ezik) eta hau idatzi egingo da: Hartu, hau, hasi…
Badira kasuak, batuako forman bi bokal berdinen artean H bat dagoela, baina hiztunak ahoskatzerakoan, bokalak aldatu egiten dituena, adibidez; behean = bian. Kasu honetan, bi bokal bat egin ditu eta gainera aldatu (E-tik I-ra). Kasu honetan, bi bokalen arteko H-a galdu egin du gainera. Beraz, holaxe idatziko dugu: bian.
Beste kasu batzutan, batuako forman bi bokal berdin dauden tokian, hiztunak ahoskatzerakoan bokal bat aldatu egiten du. Kasu horretan, bi bokal ahoskatu egiten dira, beraz, H-a mantendu egiten da. Adibidez: behar = bihar. Bihar idatziko dugu. (Nahiz eta bihar hitzak beste esanahi bat ere eduki -gaurko biharamuna- kontestuangatik ezberdinduko dugu).
Ondorengo kasu honetan ere H ez da idatziko. I-ren ondoren H dagoenean eta I hori bokal artean egotearen ondorioz, Y bihurtzen denean: Leihoa = Leiyua (lehen leyua genun jarriya baina I hori jarri behar dela esaten dugu 17. irizpidean), bihurria = biyurriya, bihotz = biyotz, oihal = oiyal, ohian = ohiyan.
12 Makina bat/hamaika:
Batuaz bi forma dia: "hamaika" eta "makina bat". Biak esanahi bera edo beretsua dute. Oiartzunen "makina bat" ahoskatzeko forma asko daude, ta guk hoik denak jaso eta transkribatu behar ditugu. Baina noiz idatziko dugu H-kin eta noiz gabe?
H gabe jarri "makina bat" baldin badu jatorriyan. Baina "hamaika" baldin badu jatorriyan, beste H guztiyekin jarraittu berreko irizpidia bete beharko da.
13 EZKIO: horrelaxe idatziko da, esaten den moduan. Adib: torri ezkio, kusi ezkio…
14 Deklinabide kasuak: Deklinabide kasuan hiztunak esaten dituen bezala adieraziko dira, esate baterako, genitiboan: "Santo kriston eskia".
15 Azentua: Azentua bereizgarria denean, jarri egingo dugu. Adibidez sémin (sing.)/ semín (pl). Normalean pluraletan daude: béak (berak) edo beák (haiek), zuékin (sing.)/zuekín (pl.) . Beste kasu bat: basúan (basoan) edo básuan (edalontzian). Berdin idazten diren hitzen esanahia bereizteko bakarrik erabili dugu, ez beste inon. Adibidez, ti-ta hitza esango baluke enfasi askorekin, etzaio zertik jarri behar tí-tá, nahikoa da esklamazio ikurra jartzearekin (!)
16 Mugatzailearekin sortzen diren aldaketak: Mugatzailearekin sortzen diren aldaketa fonetikoak ere adieraziko dira: itxia, ttikiya, ensaiyua…
17 Bokal artean I dagoenetan Y ahoskatzen da. Egia da, ez dela erabateko Y. I-n aurretik bokala egon edo ez, indar gehiago edo gutxiago du Y horrek. “BatzokiYa” hitzeko edo “Anaya” hitzeko Y ez dira indar berekoak , baiña hala ere, bi kasuetan Y idatziko da eta I ere idatzi egingo da. Adib: aiyo, anaiya, gehiyo, aiyeka, leiyo, lehoiya, ohiya …
18 Hitz elkarketan I-z bukatzen denean hitza eta hurrengoa bokalez hasten den kasuetan Y jarriko dugu. Adib: haundiy hua, ttikiy hoi, janay hua…
19 Bokal arteko -r- : Bokalarteko -r- galtzen denean, ez da idatziko: zea, bea, itxea...
20 Bokal arteko -g- :Bokalarteko -g- galtzen denean ere ez da idatziko: itteko, izautu... Dena den, azken kasu hau zailagoa da, kasu askotan –g- leundu egiten delako guztiz galdu gabe (gogorra, sagarra…). Horrelakoetan, hiztunak dioena errespetatuko da.
21 d»r bilakaera: Hiztunak dioena gordeko da: trenbirin
22 Gainontzeko aldaketa fonetiko guztiak ere, hiztunak esaten dituen bezala emango dira: ebiya (ez euriya), iyo (ez igo)...
23 Gaztelaniazko hitzak: a) Hitz solteak direnean, hiztunak beregain hartutakoak euskal grafiaz adieraziko dira, eta hitz konposatuak direnetan jarraian idatziko da: arrozkonletxe. b) Gaztelaniazko esaldiak direnean berriz, erdal grafiaz, eta hizki etzanaz azalduko dira.
24 Aipamenak:
24.1 Hizlariak beste inoren hitzak erreproduzitzean edo hizlariak berak garai batean esandakoa aipatzean, esandako hori kakots artean eta hizki normalez emango da.
24.2 Aipamen hori gaztelaniaz den kasuetan kakots artean, baina hizki etzanez idatziko da.
25 Aho soinuak: Aho soiñuak ulertzen diren moduan jarriko dira: ziuuuuu ulertzen bada ziu!, dzzzrrriu ulertzen bada dzriu! Bukaera luzatu gabe eta harridura ikurra jarrita. Hori bai, hemen garrantzitsuna zera da, bai hiztuna honek eta baita beste batek ere berriro erabiltzen badu soinu hau bera, berdin transkribatuko da; irizpide bera erabiliko da beti. Zaila izango da bi hiztunek soinu berak ibiltzea, baina hiztun berak bai. Beraz, nahikoa izango da hiztun berak erabilitakoak mantentzea.
26 Nola jarri “eeeeee”, “zeaaaaa”, edo ahoarekin egiten diren soinuak zeozer espresatzeko. Hiru puntuak erabiliko dira: Eeeeeeeee badio e... jarriko da. Zeeeeeee badio ze... Puesssss badio pues... e.a.
27 Puntuazio markak: Batua idazteko arau berak erabiliko ditugu.
27.1 Hiru puntu: Bukatu gabeko esaldiak hiru punturekin "..." adieraziko ditugu: Nik san niyon miño...
27.2 Hiru puntun ondoren esaldi berriya hasten bada, nahiz eta aurrekun gai berakin jarraittu, maiuskulaz idatzi. Adibidez testu baten puska jaten denin: "Lklkjhlkjhlj (...) kjhlkjkhjlkjh”.
Baina kasu batzuetan minuskulaz jarraituko dugu, adibidez, "suspensea" eragiteko erabiltzen dugunin. Ze ez meikuk, ez farmazeutikuk... inorrek ez dit deuse man nahi.
27.3 Puntu baten ondoren, maiuskulaz.
27.4 Bi puntun ondoren: Esaldi berri bat baldin bada, norbaitek esan duena edo aurretik esantakoaren argibidea, maiuskulaz. Beraz, 24. irizpidean azaldu ditugun aipamenak ere maiuskulaz hasiko ditugu. Baina zerrenda bat enumeratzia bada, minuskulaz. Adibidez, “Erosketak ittea jon naz ta hau dena erosi dut: fruta, barazkiyak, esnia...”. Baina Maitxokin hitz egin dut eta hauxe esan dit: "Gaur patata ereiñi ver ñeu".
27.5 Aipamen baten aurretik bi puntu jartzen dira eta ondoren kakotxak ireki eta maiuskulaz hasi, adibidez: Ta halaxe san zin: “hi zein ñaz?” Batzuetan ez da hain ondo ezberdintzen eta zaila da bi puntu jartzea. Baina beste kasu batzuetan, ez dute hain ondo zehazten edo... Askotan aritzen dira bien arteko elkarrizketa esaten, zeinek zer esan duen zehaztu gabe, eta ahotsa aldatuta edo adierazten dute besteak hitz egin duela “Ni haserre nitzon: "Ixilk eon ñai" 'ta hua adarra jotzen: "Erria ñoz", "Ixilik eoteko", "Gua mate bazin" harek...”.
27.6 Galdera eta harridura ikurren ondoren: maiuskula.
28 Erdaraz idazten dugunean, erdarazko arau guztiak bete behar ditugu: bai puntuazio markak, bai erdarazko hizkiak (v, w, ch...) eta tildeak jarriz.
29 Hiztunak farra egiten badu, hori ez da transkribatuko. Ez da ahaztu behar, irakurlea entzuten ari dela, beraz, sobran dago honelakoak transkribatzea.
30 Ulertzen ez diren hitzak: Ulertzen ez ditugun hitzak parentesi artean adieraziko dira, zalantzazko hitza bera minuskulaz agertuz edo hitzaren ordez hiru puntu jarriz: (…)
31 Elkarrizketa nola markatu: Elkarrizketak direnean, hiztun bakoitzaren interbentzio hasieran gidoia jarriko da (-). Baita elkarrizketatzailearen galderei ere. Ez da izenik ez beste ikurrik jarriko. Hiztun bat baino gehiago batera hitz egiten ari diren kasuan, elkarrizketa modura jarriko dugu, hau ere gidoiekin eta kontuan hartuta batera hitz egiten ari direla, esaldi motzekin banatuko ditugu lerrotan. Elkarrizketan zehar, hiztunaz gain mikrofonorik gabe interbenitzen dutenak daude. Kasu horretan, entzuten eta ulertzen bazaie transkribatu egingo da eta ez bazaie ulertzen gidoia jarri eta parentesien artean hiru puntuak: - (…)
32 Hiztunak zer esan duen edo nola esan duen zalantza dagoen kasuetan, euskara batura gehien hurbiltzen den forma idatziko da. Adibidez, ez badago argi miño edo biño esan duen, biño idatziko da. Baliteke bestalde, hiztun bakarrak bi moduak erabiltzea, kasu horretan ulertzen zaiona jarriko da, baina zalantzazko kasuetan bat aukeratuko da eta beti hura jarriko da pasarte horretan behintzat.
33 Zalantza kasuan zer egin: irizpide hauek denak jarrita ere, seguru arian-arian, zalantza gehiago aterako direla. Kasu horietan hiru pausu jarraituko dira: 1. Irizpide hauek eta orain arte erabakitakoaren ildoari segi. 2. Hala ere zalantza badugu, euskara batuko formaren aldera egingo dugu: Anaya/anaiya: ANAIYA, biño/miño: BIÑO. 3. Eta oraindik ere zalantza badugu, senari egingo zaio kasu eta batez ere, helburu nagusiari ( ikus hasierako “irizpide nagusia”).
Oiartzun, 2011ko martxoa


